Skip to main content
bannerra
Nahieran Ikusteko.tv

GUREAN GAUR: Reau-ko espetxetik martxa abiatu aurretik, Vitryn indarrak gordetzen

GUREAN GAUR: Reau-ko espetxetik martxa abiatu aurretik, Vitryn indarrak gordetzen

Vitry-sur-Seineko kiroldegian afaldu eta lo egiten dute #EspetxeBira-n parte hartzen ari direnek. Bihar goizean, bertatik abiatuko gara #Reau-ko kartzelara. Bideoan, sukaldari lanetan diharduen Mikel Berasaluze bakearen artisauaren lekukotza.


Gurean Gaur

Carles Puigdemont presidentearen eta harekin batera Bruselan diren lau kontseilari kargugabetuen kontrako estradizio auzia behin betiko itxi du gaur Belgikako Justiziak. Espainiak berak egin zuen eskaera, eta horri jarraiki hartu du erabakia Belgikako instrukzio epaileak.

Bien bitartean, Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilariak, Jordi Sanchez ANCko presidenteak eta Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak Auzitegi Gorenean deklaratuko dute berriz ere, urtarrilaren 11n. Beste behin deklaratzeko aukera galdegin zuten hiru auzipetuek, eta Pablo Llarena epaileak onartu egin du eskaria. Abenduaren 21eko hauteskundeetarako hautagai dira Forn eta Sanchez. Biak Junts per Catalunyaren zerrendan aurkeztu dira. Hori dela eta, Sanchezek aske uzteko baimena galdegin zion Gorenari, hauteskunde kanpainan parte hartu ahal izateko, baina Llarenak aukera hori ukatu dio. Bozetarako astebete falta denean, ERCk iragarri du Estremerako espetxe aurrean egingo duela kanpaina amaierako ekitaldia. Hilaren 19an, datorren asteartean, amaituko da Kataluniako Parlamentuko bozetarako kanpaina. Bertan baitago preso Oriol Junqueras zerrendaburua azaroan 2az geroztik.


Gurean Gaur

Ipar Euskal Herriko ordezkariek baikor baloratu dute atzo ETA erakundeak 2010ean Nerin jendarmea hil izana “zinez sentitzen duela” adierazi izana. Hura hiltzeaz akusatuta, Parisen epaitzen ari ziren lau lagunek "doluminak" eman zizkioten familiari, ETAren izenean irakurritako agirian.


Gurean Gaur

Kataluniako hauteskundeetarako atzera kontua martxan da: bederatzi egun baino ez dira falta, abenduaren 21ean izango baitira. Inkesten emaitzen bistan ere, ziurtasun gutxi dago emaitzei buruz, salbuespenezko hauteskundeak baitira. Egoera hobeto ulertze aldera, Ferran Requejo analista eta Junts Per Catalunyako hautagaiarekin egon da Saioa Baleztena.


Gurean Gaur

14 eta 25 urte arteko espetxe zigor eskaera egin dute 2010ean Jean Serge Nerin jendarmea hiltzeaz akusatuta Parisen epaitu dituzten lau euskal herritarrentzat. Arkaitz Agirregabiria, Xabier Goienetxea, Izaskun Lesaka eta Josu Urbieta dira auzipetuak, eta haiek Parisko Krimen Auzitegian hitza hartu dutenean, ETA erakundearen izenean agiria irakurri Lesakak.

Agiri horretan, ETA erakundeak esan du "zinez sentitzen" duela 2010ean Jean Serge Nerin jendarmea hil izana. Nerin jendarmea da ETAk hil zuen azken pertsona. Hura hiltzeaz akusatuta Parisen epaitzen ari diren lau lagunek "doluminak" eman dizkiote gaur familiari, ETAren izenean irakurritako agirian. Nerin hiltzea egotzita sei euskal herritar epaitu zituzten 2015ean, eta hamalau urtetik bizitza osora arteko zigorra jarri zien Parisko Krimen Auzitegiak. Epai hari jarritako helegitea tarteko, lau lagunen kontrako epaiketa berriz egin dute eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri diote Agirregabiriari, 16koa Urbietari eta 14nakoa Goienetxea eta Lesakari.

Gai horri begira jarri gara gaurko albistegian, baina gehiagori ere erreparatu diegu titularretan.