Skip to main content

Bideoteka

Bideotekan bilatu
bideoaren irudia
Jose Maria Setien hil da, euskal gatazkaz iritzi argia zuen gotzain emeritua

2018-07-10

Iktus baten ondorioz, igandeaz geroz, ospitaleko zaintza berezietan egon ondoren hil da. Jose Maria Setien 1979tik 2000ra izan zen Donostiako gotzain. Urte horretan, iktus bat izan zuen, eta beste iktus baten eraginez zen du da bart, 02:00ak inguruan, Donostiako ospitalean. Hernanin jaioa da, eta 90 urterekin hil da.

ETAren jarduna gaitzetsi zuen, baina harekin "bigun" aritzea leporatu izan zioten zenbait sektore ez-abertzaletatik. Bestalde, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde agertu izan da, baita ETAri amaiera eman eta gatazka gainditzeko bake prozesua bultzatzearen alde ere.

2003an, Urrezko Domina eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, "komunitatearen alde zuzentasunez eta koherentzia intelektualez aritu delako lanean, eta justizia, elkartasuna, askatasuna eta norbanakoen eta taldekoen eskubideak errespetatzea eraginkortasunez defendatu duelako".

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren esanetan, pertsona eredugarria izan da Setien, "bizitzan konpromiso zuzena eta zintzoa erakutsi zuena". Twitter bidez nabarmendu du gotzainak bizikidetzaren aldeko konpromisoa izan zuela. Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok ere Setienen ibilbidea goratu du. Haren hitzetan, "lider sozial eta espiritual bat" izan zen, eta gizartean utzi duen arrastoa "sakona" izan dela ziurtatu du.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan adierazi du Setienek elkarrizketaren eta bakearen aldeko jarrera izan zuela euskal politikari dagokionez. Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidentearen iritziz, Setienek "ahalegina" egin zuen Eliza Katolikoa "bizirik" mantentzeko. Hala ere, Alonsok adierazi du ez zuela behar besteko "ulermena" izan "terrorismoaren biktimekin".

bideoaren irudia
Aldi baterako migratzaileentzako zentroak indartuko dituzte

2018-07-10
Hiru astean ia 600 migratzaile pasa dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik, horiek guztiak artatzeko zentroak gaindituta dabiltza, eta honenbestez, euskal erakundeek eta Gurutze Gorriak adostu dute aldi baterako migratzaileentzako larrialdietako zentro gehiago prestatzea, erantzun egokia emate aldera.
bideoaren irudia
BMCk irabazi du taldekako erlojupekoa, Greg Van Avermaet-ek lidertza hartu du

2018-07-10

Taldekako erlojupekoaren ondoren, BMC garaile eta Greg Van Avermaet da lider berria. Diferentzia handiegirik gabe, faborito guztiek euren aukerak mantentzen dituzte. Honatx Tropela-ko Egoitz Lizasoren analisia.

bideoaren irudia
Sanchezek Torrari ohartarazi dio ez dagoela autodeterminazioaz hitz egiterik

2018-07-09

Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak argi eta garbi esan dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari irtenbide politikoa Kataluniaren autodeterminazio eskubidea aitortzea dela.

Baina Sanchezek erantzun dio autodeterminazioaz ez dagoela askorik hitz egiteko, eta, horren ordez, inbertsioak eta autogobernuan sakontzea eskaini dizkio. Hala azaldu du, bilkuraren ondoren, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak.

Hurrengo bilkura Katalunian egiteko Torraren gonbita onartu du Sanchezek, eta Calvok baieztatu du hala izango dela, datarik zehaztu ez badu ere, normaltasunaren erakusle gisa.

bideoaren irudia
Uztailak 9

2018-07-09

1978ko sanferminetako gertakariak aski ezagunak dira iruindar eta nafar guztientzat baita horren inguruko inpunitatea ere. Aurten, 40. urteurrena bete da eta gertakariak argitu gabe jarraitzen dutelarik, ekitaldi bereziak ospatu dituzte uztailaren 8arekin. 78ko sanferminak Gogoan Elkarteko kideak eta peñetako kideekin izan gara horri buruz hitz egiteko. Horrekin batera, herritarrek gertakariak ongi ezagutzen dituzten ala ez jakiteko, kalera jo dugu.

Bestalde, astelehena izan arren, goizean goizetik hasi da sanferminetako laugarren eguna. Dagoeneko famatua den espartinen dantzan izan gara bertako giroa hobe ezagutzeko asmoz. Tabernariei bisita egin diegu eta asteburuan lanez lepo ibili direla aitortu digute. Nafarroako trontza txapelketan ere izan gara txapeldun irten diren Itsaso eta Leire bikotearekin eta beren entrenatzailea den Patxi Larretxea handiarekin. Hori eta gehiago gaurko saioan.

bideoaren irudia
Aldebiko batzordea martxan jartzea adostu dute Sanchezek eta Torrak

2018-07-09

Espainiako Gobernuko eta Kataluniako Generalitateko presidenteek adostu dute alde biko batzordea martxan jartzea. Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak eman du Pedro Sanchezek eta Quim Torrak egindako bileran adostutakoen berri, amaitu eta gutxira.

Madrilen eta Bartzelonaren arteko harremana eta elkarrizketa berreskuratzeko batzartu dira Sanchez Espainiako presidentea eta Torra Kataluniako Generalitatekoa, Madrilen. Arazo politikoak irtenbide politikoa behar duela uste du Torrak eta Sanchez ere uste berekoa delako poztu da. Baita bilkuran gai guztiez hitz egiteko aukera izan dutelako ere. 

Bilkurako gai garrantzitsuetako bat, espero zitekeenez, autodeterminazio eskubidea izan da. Calvok baieztatu du Torra autodeterminazio eskubideaz mintzatu dela eta Sanchezek erantzun gisa autogobernu gorena eta Konstituzioaren eta boterearen deszentralizazioa eskaini dizkiola.

Espainiako presidenteordeak baieztatu du Madril prest dagoela Kataluniako "lege batzuei" betoa kentzeko, energiari, pobreziari edo osasun unibertsalari buruzkoei, adibidez.

Hurrengo bilera Bartzelonan egitea eskaini dio Torrak Sanchezi, eta Calvok baieztatu du egin egingo dela, datarik eman gabe.